Osteratxoa

Gaur ibilalditxo bat egitea erabaki dut Atarrabian barna. Horrela bada, “villavesa” hartu dut Iruñeko autobus geltokiaren parean eta hamar minutu pasako ez ziren eta Burlata eta Atarrabia arteko mugan jaisteko prest nengoen jada. Beste espaloira pasa eta Donejakue Bidean nire erromesalditxoarekin jarraitzeko prest nintzen; hori bai, kontrako norabidean.

 

Escuela. Eskola

Han bertan, administrazio-muga ikusezinaren ondoan, Nafarroako Nekazaritza-Perituen Eskola itzelezkoa altxatzen da,
aurrealdearen gandorrean dauden axuleiuek hala diote behintzat. Hala ere, eraikinak ematen duen itxura erabilpen ezarena da; baina honek ez du kentzen eraikina osperik handienean ikusteko aukera.

Honen jarraian Aita Dominikotarren eraikina altxatzen da, arkitekturaren beste bitxi baten ondoan, Besta Jirarenean alegia. Molde berriko kapera hau, hasiera batean, kasinotarako eraiki zen, aita domingotarrek erosi zuten arte. Apur bat aurrerago, Atarrabian sartu naizenetik oinez ibiltzen ari naizen Serapio Huici etorbidearen beste aldean, Esparzaren lantegia dago, Nafarroa osoan patxaran estimatuenetako bat egiten duten etxea alegia. Pentsatu behar, baina Basarana botilatxo bat ez litzateke oroigarri txarra txango honetarako.

SerapiohuiciBidegurutzea dut aurrean. Seinale batek, Uhartera edota Frantziara joan nahi dutenei ezkerrera jo behar dutela adierazten die. Semaforo barruan bizi den gizontxo berdearen baimenari itxaron eta karrika gurutzatzen dut. Ezkerrera plazatxo bat dago eta, honetan, Erroilua eta herriko eraikin interesagarrienak biltzen dituen mural handia nabarmentzen dira.

Kale Nagusia hartu dut, nentorren etorbidearen segida baino ez dena. Kalea estua da, bitan zabaldu egiten bada ere. Bigarrenean kaletik atera egiten naiz; zabaltze hau Udaletxeko Plaza baita. Eta merezi du hemen gelditzeak, gauza azpimarragarri ugari baitago hemen. Zortzi zutaberen artean noa, ongi etorria ematen didan Antso VI.a Jakintsuaren bustoa agurtzeko. Haratago, plazaren erdian, Udaletxeak, San Andres Elizak, Atarrabia Pilotalekuak, Ama Domingotarren La Presentacion Ikastetxeak eta Jubilatuen Elkarteak inguratu egiten naute.

Pilotalekuaren atera gerturatu eta parke baterako sarrerako atea ikusten dut, Ribed Parkerakoa alegia. Itxura atsegina San Andréseskaintzen du, eta nire txangoa bertatik jarraitzea erabakitzen dut. Elizaren itzala eta honen dorre dotorea gainditu eta berehala kale Nagusia ikusten dut berriro, parke berdearen beste aldean. Jarleku batean eseri eta atseden hartzeko garaia da, eguzkiak nire hezurrak bero ditzan,izar erregeak ni unatzera iritsi gabe; izan ere udaberriko eguzkiak zigorrei buruz ez daki.

Nire ibilaldiarekin jarraitzeko parketik atera naiz, Kultur Etxe arrosa kolorekoaren parean dagoen irteera batetik. Berriro, erromesen bidea hartzen dut, baina lehen bezala, kontrako norabidean.

Hara heltzean, hara non heldu den erromes talde bat, ugaria, beren motxila eta makilekin. Diosala egin diet, begirunez, eta bide ona egin dezatela opa. Hemendik aurrera kale Nagusiak utzi egiten dio zuzen izateari eta sigi-sagaka hasten da Trinitatearen Basilikarantz. Eraikin erromaniko zaharkituari so egiten diot, Ultzama ibaiaren ur-jauzien hotsak inguratuta. Karrikaren ondotik doa orain ibaia, etxerik gabe tartean. Beno, bada eraikinik hemen ere, antzinako batana berritzen ari baitira eta, honez gain, ONENA fabrikaren akueduktuaren hasiera ere ikus daiteke.

Nire begiek ibaiaren norabidez kontrako martxari egiten diote so, jauzi batetik bestera salto eginez. Lehena naturala da, harlauzazkoa; artifiziala bigarrena, porlan erregularrezkoa. Azkenean, begiek Trinitateko Zubira egin dute, eta bat-batean, badakit nondik nora doan egin ari naizen bidea.

Erdi Aroko zubi ederretik ibaiari begira emandako etenalditxoaren ostean, beste aldera jarraitu eta eskuinera biratzen dut, Orreagarako bideari bizkarra emanez. Orain ibaiaren ibilbideari jarraitzen diot, baina beste aldeko ibaiertzetik. Orain nire oinek lurrezko bidean doaz, ez asfaltozkoan; eta biziaren berdearen berotasunak inguratzen nau, ez harriaren, adreiluaren edota asfaltoaren grisaren hotzak.

Kirol pisten eta igerilekuen kokagune den Martiket Kiroldegiaren mutur batera iristearekin batera, eskuin aldetik, ibaiertzetik, errekaren bideak eta kirol instalazioen mugak zein diren adierazten dituen ongi mozturiko berroak markatuta bezala, bidezidor batek jarraitzen duela ikusten dut. Xenda hori hartu eta ibaiaren xirripak eta txori-kantak arnasten ditut. Zinez, goiza atsegina dela oso. Bidezidorrak parketxo batera jotzen du. Honetan, erdi-erdian, monumentu bitxi bat nabarmentzen da; bitxia, berez monumentu bat ez delako, argindar-dorre bat baizik. Baina monumentua dirudi, oso ongi zaindutako berro batek inguratzen baitu.

ErregeParkearen beste aldetik San Andres karrikara ateratzen naiz, aurretik, txangoaren ia hasieran gurutzatu dudan errepidea dena. Honela bada, Uhartetik edo Frantziatik etorriko banintz bezala nator orain, nork daki. Ibaia gurutzatzen dut berriro, zubi arruntago batetik oraingoan, eta Esparzaren fabrikaren aurrealde luzea puntarik punta igarotzen dut. Bidegurutzera berriro iristean bulegoetan sartzen naiz, baina botila solteak ez dituztela saltzen esaten didate, kaxaka bakarrik. Honela bada, Atarrabiaren oroigarria ondoko supermerkatuan erosi behar.

Atarrabia arnasten dut azkenekoz eta pentsatu egiten dut, bueltan eramango nauen autobusaren markesinan eserita, herri zahar honetara (zaharra baita nahiz eta bere izena “villa nueva” hitzen laburtzapena izan) itzultzeko hamaika arrazoi utzi ditudala; hala nola, Miguel Indurain Plaza (nazioartean gehien ezagutzen den atarrabiarra), edota Bakearen Parkea, edota San Frantzisko eta Ultzama auzoetan barna paseatzea. Eta honela, ikusteke dudan Atarrabia buruan, autobusera igotzen naiz, asebeterik, maiatzeko goiz eder batean ibilaldi horren atsegina egiteagatik.

Deja un comentario



This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Volver arriba