Bitxikeriak

Atarrabia, sortu zenez geroztik, artisauen herri dela esan daiteke. XIII. menderako jada, bazegoen ehuna lantzeko batana; bertan hogeita hamarren bat kardarik egiten zuen lan, penintsulako erresumetan atera zen lehen ermandade-ordenantza erredaktatu zuten 1254. urtean. Oihal-jarduera honetatik datorkie atarrabiarrei beren goitizena, piltzarketariak hain zuzen ere.

Eta, preseski, trapurik trapu hasi zen egun ezagutzen dugun Atarrabia hiria eraikitzen. Izan ere, aldaketa hau eman zedin, garrantzi handia izan zuen La Navarra papergintza-enpresa herrian paratzeak. Lantegi honetan paper jarraitua egiten zen trapuetatik abiatuta.

Francisco Ribeden alargunak eta haien semeetako bik bultzatu zuten. 1846an ipini zuten martxan eta ordutik herriak izan duen industria-jarduerarik garrantzitsuena izan da. 1850ean 120 lagunek egiten zuten lan bertan (Atarrabiak garai hartan 500 biztanle inguru zituen).

Lantegi hau, 1900. urtean Atarrabian kokatu zen Papelera Españolaren aurrekaria izan zen, eta baita ere, 1920 aurrekoaren filial gisa martxan jarri zen ONENA lantegiarena ere. Azken enpresa hau Atarrabiako esanguratsuena izan zen. 70eko hamarkadan lantegi hau ixteko saioa izan zen, baina Atarrabia osoa kalera irten ixte hura ekiditeko. 1994an lantegiak Atarrabiako instalazioak itxi eta Ibiriku aldera joan zen. Eraikina 1998an bota zuten, ikusmin ikaragarria sortu zuelarik. Herriaren historian garrantzi handiko gertakaria izan zen. Hau dela eta, lantegiaren gunerik esanguratsuenak mantentzea erabaki zen; hala nola, tximinia, kanala eta batana.

Volver arriba