Gizon-emakume ospetsuak

Miguel Induráin. (Atarrabia, 1964).

Familia xume baten baitan jaiotakoa, txiki-txikitatik kirola maite izan zuen: atletismoa, saskibaloia, futbola, etab., txirrindularitzaren aldeko hautua egin zuen arte.

Herriko Villavés Txirrindulari Taldean zortzi urte eman ondoren, 1983an garaiko talderik indartsuenak, Reynolds-ek alegia, fitxatu zuen. Urte hartan bertan sei garipen lortu zituen, Espainiako Txapelketa barne. Garaipen honek, proba hau irabazi zuen txirrindulari gazteena izan zen, bere etorkizuna guztiz baldintzatu zuen.

Hurrengo urtean Los Angeleseko (AEB) Joko Olinpikoetan hartu zuen parte eta denboraldia amaitzean hamar garaipen lortu zituen.

1992ko denboraldiaren amaieran, bere betiko andregaiarekin, Marisarekin, ezkondu zen. 1985ean Espainiako Itzulian lider izan zen lau egunez eta, lehen aldiz, Frantziako Tourrean hartu zuen parte.

Hurrengo urtean Komunitateen Tourra (antzinako Etorkizuneko Tourra) irabazi zuen.

1987ko denboraldian Miguelek bederatzi garaipen erdietsi zituen.

1988an Kataluniako Volta irabazi zuen eta 1989an Paris – Niza klasikoa eta Nazioarteko Criteriuma irabazten zuen lehen espainiarra izan zen (1990ean berriz irabazi zuen).

Geroago, loriaren hasiera izan zen. Izan ere, 1991. eta 1992. urteetan Frantziako Tourra irabazi zuen eta azken urte honetan Italiako Giroa (espainiar batek irabazten zuen lehen aldia), Kataluniako Volta bigarrenez eta Espainiako Txapelketa ere irabazi zituen. Honela, kirol honetan izan diren txapeldun handienetako batean bihurtu zen.

1993an Frantziako Tourra eta Italiako Giroa irabazi zituen berriro, nabarmen gainera.

1994an E. Berzin errusiar gaztea gailendu zitzaion Italiako Giroan. Urte honetan bertan, Indurainek Tourra laugarrenez jarraian irabazi zuen.

Irailean orduaren errekorra hausteari ekin zion eta aurreko marka hobetu zuen.

1995ean Indurainek Tourrean nagusitu zen, bosgarrenez, eta Munduko txapelketa irabazi zuen erlojupekoan. Errepideko txapelketan, berriz, zilarra erdietsi zuen. 1996an Miguelek ez zuen Tourra irabazi baina urrezko domina lortu zuen Joko Olinpikoetan. Espainiako Itzulian txirringatik jaitsi egin zen. 1997ko Erregeen Eguna baino egun batzuk lehenago Miguelek profesional mailako Txirrindularitzari agur esaten ziola iragarri zuen. 1997ko urtarrilaren 4an Atarrabiako Udalak omenaldia eskaini zion.

Hilario Eransus

Atarrabian jaio zen 1927an eta bertan zendu 1996an. Herriko medikua izan zen 1963tik 1992ra bitarte. Alkatetzan bitan izan zen, 1973-1978 aldian lehenik eta 1995-1996 urteetan bigarrenez. Alkate genuen heriotza etorri zitzaionean. Bere oroimenez udaletxearen segidan dagoen pasabide batek bere izena darama.

Domingo Iturgaiz

1932an jaiotako atarrabiar hau oso ezaguna da nazioartean bere artelanengatik, batez ere, muralak eta mosaikoak artisau moduan sortzeagatik. Lan hauek egiteaz gain, pintorea eta marrazkilaria ere bada. Bere mural beirazkoek Espainian eta Erroma, Miami edota El Salvador bezalako hirietan altxatutako tenpluetako apaindurak txukuntzen dituzte. Erakusketa ugari egin ditu Espainiako eta atzerriko hainbat hiritan. Bere lanak Ama Arrosariokoaren Elizan, hilerrian eta Atarrabiako Aita Domingotarren hezurtegian ikus daitezke. Ordena honen baitakoa dugu, 1948an sartu zenetik. Gaur egun Iruñeko Santo Domingo komentuan bizi da.

Lorenzo Goikoa

Atarrabiako semetzakoa. Herri honetan hogeita hamabi urte eman zituen maisu lanetan, 1893tik 1930era. Bere irakaspenek atarrabiar belaunaldi askoren bizitzak baldintzatu ditu. Lan haren oroimenez Atarrabiako ikastetxe publikoak bere izena darama. 1952. urtean zendu zen.

Máximo Olóriz Gorráiz

Sari ugari jasotako atarrabiar konpositore eta organojolea. Armonia irakasle izan zen eta ondoren, “Pablo Sarasate” musika kontserbatorioko Zuzendari eta Iruñeko Ganbara Abesbatzaren zuzendari ere. 1983an Madrileko Udalak, eguberriak gaitzat hartuta deitutako lehiaketan, konposizio polifonikoan lehen saria irabazi zuen.

Aita Lino Murillo

1852an Atarrabian jaiotako jesuita jakintsua. Bere fedea lantzen eta hainbat gai erlijioso aztertzen eman zuen bizitza. Argitara eman zituen lanetatik “Jesucristo y la Iglesia Romana” izenekoa nabarmendu behar da. Atarrabiako herriak kale bat eskaini zion, Elizatik gertu dagoena. Erbestean hil zen, Belgikan, 1932. urtean.

Fermín Mugueta Sarasa

1907an jaio zen. 1932an “Luca de Tena” saria jaso zuen, gaztelerazko lanei ematen zaien artean garrantzitsuenetako bat. 1985ean hil zen.

Petri Atarrabiako (Atarrabia, 1280-1347)

Fraide frantziskotarra, Erdi Aroko teologorik ospetsuenetakoa, “Doctor Fundatus” bezala ezagutua eta nafar erregeen kontseilaria. Iruñeko San Frantzisko komentuan ikasi zuen; hemen teologia maisu gradua erdietsi zuen. Aurrerago Pariseko Unibertsitatean ikasi zuen eta hemen ere, teologia maisu gradua lortu zuen. 1324 eta 1326 urteen artean, nahiz eta historikoki oso ongi zehazturik ez dagoen, Aragoiko frantziskotar probintziaren (Iruñeko, Erriberriko, Tuterako, Zangozako eta Lizarrako komentuek osatzen zuten Nafarroakoa bere baitan hartzen zuen) probintzia-ministro lanak egin zituen. Nafarroako komentu Frantziskotarrak ordezkatu zituen ordenak Tarragonan, 1317an, egin zuen kapitulu nagusian. Bertan, Aragoiko probintziaren ministro hautatu zuten (probintzia honek Nafarroa, Zaragoza, Katalunia, Valentzia eta Balear Irlak hartzen zituen bere baitan) Nafarroako Gorteen enbaxadore lanak egin zituen.

Hala ere, gehien nabarmendu zen arloa, Felipe III.ak burutu zuen Foruaren hobekuntzan egindako lanean izan zen.

Ezagutzen den bere liburu bakarra “Comentario sobre el Libro I de las sentencias” de Pedro Lombardo izenekoa da. Tortosan gordetzen da lau kodizetan. Atarrabiako Beti Onak Elkarteak “Petri Atarrabiako 1. Literatur sariketa” deitu zuen 1989an, ordutik urtero deitzen dena.

Fermín Tirapu Idoate

Atarrabian jaio zen 1840an. Apaiza izan zen aurrena eta kalonje geroago. Halaber, Iruñeko Apaizgaitegiko errektoreorde eta Teologian katedraduna. 1906an zendu zen. Atarrabiak kale bat eskaini zion 1923an. Gaur egun, oraindik ere, bere izenak hortxe dirau, bere oroimenak bezala.

Volver arriba