Ayuntamiento de Villava / Atarrabiako Udala

2023ko apirilak 18

“Atarrabiako Jaiak 2023” Kartel Lehiaketa

Lanak aurkezteko egunak eta tokia: uztailaren 26tik abuztuaren 18ra bitartean, Atarrabiako Kultur Etxean

Foto noticia

Oinarriak

Oinarriak PDF formatoan

1. Lehiaketa honek 2023. urteko Atarrabiako Herriko Jaietako kartel ofiziala hautatzea du helburu.

2. 13 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute, gehienez ere teknika libreko bi obra original eta argitaragaberekin. Ezin izango dute parte hartu aurreko edizioetako lan finalistek

3. Edozein modalitatetan beste artistaren batek argitaratutako kartelen, argazkien, margo lanen eta abarren, zati batean zein osotasunean, kopiak, plagioak edota bariazioak diren lanak deskalifikatuak izanen dira

4. Kartela hirurogeita hamar zentimetro altu eta berrogeita hamar zentimetro zabal izanen da. Lanak behar bezala paketaturik eta euskarri zurrun baten gainean muntatuak aurkeztu beharko dira, halakorik behar izanez gero, ondoren erakusgai paratzeko.

5. Kartelean ondoko testuak agertu beharko du, nahitaez:

Fiestas de Villava
30 de septiembre al 8 de octubre de 2023
Atarrabiako Jaiak
2023ko irailaren 30etik urriaren 8ra

6. Atarrabiako armarria nahitaez sartu beharko da. Hala ere, lanaren formatuari, teknikari eta estiloari egokitu ahalko zaio. Udalaren bere gain hartzen du jatorrizko lanean agertzen den armarria aldatu edota ordezkatzeko edota beronen kokapena aldatzeko ahalmena, kartelaren behin betiko konposizioan.

7. Lanak 2023ko uztailaren 26tik abuztuaren 18ra bitartean aurkeztu ahalko dira.

8. Lanak astelehenetik ostiralera aurkeztuko dira, 10:00etatik 14:00etara, ondoko lekuan: Atarrabiako Udalaren Kultur Etxea, kale Nagusia 38. K.P. 31610, Atarrabia (Nafarroa). Posta bidez ere bidal daitezke helbide honetara. Kultura Zerbitzuak ez du bere gain hartzen, posta bidezko igorpenetan sor daitezkeen galtzeen edota kalteen erantzukizuna. Kartelak eskuan uzten direnean errezibo bat luzatuko da, aurkeztutako kartela jasotzeko balioko duena. Lanen igorketa- edota itzulketa-gastuak lehiakideen kontura izanen dira.

9. Kartelak egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira, kartelaren beraren atzeko aldean idatzi beharko den lelo baten pean baizik. Kartelarekin batera batera, gutun-azal itxi bat aurkeztu beharko da eta honen kanpoaldean kartelaren leloa paratuko. Barruko aldean, egilearen izen-deiturak, helbidea, e-mail, telefono zenbakia eta Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edota nortasuna kreditatzeko antzeko beste agiriren bat sartuko dira. Halaber, egilearen curriculum laburra eta lana orijinala eta argitaragabea ziurtatzeko egilearen aitorpen sinatua erantsi beharko dira. Kartelaren egilearen nortasuna ezinen da jakinarazi lehiaketaren prozesuko inolako momentuan.

10. Irailean egingo den lehiaketa eta kartelen erakusketa amaitu ondoren, 14. oinarrian aurreikusitakoaren babesean, lehiatzaileek 60 eguneko epea izango dute kartelak kentzeko, sariduna izan ezik, udal jabetza izango baita. Aipatu epean jasotzen ez badira egileek horiei uko egin dietela ulertuko da eta erreklamatzeko edota kalte-ordainak jasotzeko eskubidea galduko dute.

11. Epaimahaikideak hauexek izanen dira: -Epaimahaiburua: Atarrabiako Udaleko Alkatea. -Epaimahaikideak: Atarrabiako Udalean ordezkaritza duten udal talde bakoitzeko zinegotzi bana. Diseinuaren, komunikazioaren eta arte plastikoen arloetako hiru profesional. Atarrabiako Udaleko Kultura Teknikaria. -Idazkaria: Korporaziokoa edota honek ordezkaritza emandako enplegatua.

12. Epaimahaiak hiru kartel finalista eta bi ordezko aukeratuko ditu. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da eta abuztuaren 23an, asteazkenez, jakinaraziko da. Ondoren, herritarren partehartzeko epe bat zabalduko da, abuztuaren 24tik irailaren 3ra, eta norbanakoen bozketa bidez eta hartara egokitutako bitartekoen bitartez bozka gehien duen kartela izanen da Lehiaketaren kartel sariduna. Bozak emateko prozedura behar bezala iragarriko da.

13. Sari bakarra 800 €koa izanen da. Diru kopuru horri PFEZ dela-eta, dagokion atxikipena aplikatuko zaio. Sari banaketa irailaren 30ean, 11:30etan eginen da Udaletxeko Bilkura Aretoan.

14. Saria ordainduta, Atarrabiako Udala kartelaren jabe bakarra eginen da eta lan saridunari dagozkion jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak eskuratuko ditu. Halaber, lan hori libreki erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatu ahalko ditu, Jabetza Intelektualari buruzko Testu Bateratuaren 26. artikuluak ezarritako epearen barruan, halako maneran non eskubidea izanen baitu lana edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ezin ukituzkoan aurkezteko. Halaber, Atarrabiako Udalak eskubidea izanen du lana edozein euskarri edota formatutan erreproduzitzeko eta lanaren merkataritza-ustiapena burutzeko, banaketa eta komunikazio publikoa egiteko. Aurrekoak berariaz hartzen ditu barne lanak on-line igorri eta transmititzea, eta horiek eskura paratzea, internet tankerako sare digital elkarreragileen bidez.

15. Atarrabiako Udaleko Kultura Zerbitzuak beretzat gordetzen du, 2023ko irailaren bitarte, lan guztiekin edo haietako batzuekin, Kultur Etxean, erakusketa bat egiteko eskubidea.

16. HAUR-MAILAKO lehiaketa ere izanen da. Honetan, 12 urtez behitiko haurrek hartu ahalko dute parte. Teknika zein materialak libreak dira, kartelaren euskarria kartoi mehe arrunta izanen da, 50×65 cm. neurrikoa. Ondoko testua idatzi beharko da: “Fiestas de Villava / 2023 / Atarrabiako Jaiak”. Kartelak izenik gabe eta lelopean aurkeztuko dira. Leloa kartelaren atzealdean idatzi beharko da. Kartelarekin batera gutun-azal bat aurkeztuko da eta leloa honen kanpoaldean ere idatzi beharko da. Gutunazalaren barruan eta papertxo batean izen-deiturak, adina, helbidea eta telefonoa agertuko dira. 150 €ko sari bakarra izanen da. Bestalde, kartel irabazlea 2023ko Jaietako programaren kontrazalean paratuko da. Haurren kartela Epaimahaiak aukeratuko du.

17. Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek guztiak onartu eta Epaimahaiaren erabakiei men egitea.

18. Oinarrion eta horiek betetzeko Administrazioak hartutako ebazpenen kontra, berraztertzeko errekurtsoa, gora jotzeko errekurtsoa edota administrazioarekiko auzierrekurtsoa paratzen ahalko dira aukeran.

Deja un comentario



This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Volver arriba